Hiri mugikortasuna eta hirien eraldaketa eztabaidagai Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak antolatutako Green Urban Mobility foroan
- Iñaki Arriola sailburuak eta Maider Etxebarria alkateak hartuko dute parte abenduaren 12an Gasteizko Europa Jauregian egingo den topaketan
- 150 profesional inguruk hiriaren diseinuari, digitalizazio eta mugikortasun aktiboko joerei eta azken miliako logistikako esperientziei buruzko euren ikuspegia emango dute
Hiri mugikortasun jasangarria eta hirien eraldaketan duen eragina izango da Green Urban Mobility foroaren ardatzetako bat. Abenduaren 12an egingo da Gasteizko Europa Jauregian, Garraio Sailak antolatuta, Euskotrenekin eta Euskal Trenbide Sarearekin batera, Arabako hiriburuko tranbia martxan jarri zeneko 15. urteurrenarekin bat etorriz.
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak hartuko dute parte 09:00etan hasiko den topaketan. Bertan, 150 profesional inguru arituko dira, hiriko mugikortasunari eta hiriaren diseinuari, digitalizazio eta mugikortasun aktiboko joerei eta azken miliako logistikako nazio eta nazioarte mailako esperientziei buruzko ikuspegia emateko.
Jardunaldian gaurkotasun osoa duten beste gai batzuk ere jorratuko dira, hala nola CO2 emisioen murrizketa garraioan, etxez etxeko entregen hazkundea eta horrek ingurumenean duen eragina edo hirien erdigunean ibilgailu pribatuari ezarritako murrizketak.
Tranbia duela ia 15 urte ezarri zen, eta abenduaren 23an beteko da mugarri horren urteurrena. Horrek herritarren mugikortasun-ohituren pixkanakako aldaketa ekarri zuen. Beste auzo batzuetara hedatzeak, autobus-lineak berrantolatzeak edo duela gutxi EIBa martxan jartzeak tamaina ertaineko beste hiri batzuek jarraitu beharreko adibide bihurtu dute Gasteiz.
Jardunaldiaren garapena
Jardunaldia jende guztiarentzat dago zabalik, eta izen-ematea doakoa izango da. Hasteko, Iratxe García Logistikako Euskal Institutuko zuzendariak “Mugikortasunari begirada Euskadin” sarrera hitzaldia emango du. Bertan, Euskadiko mugikortasunaren argazki bat egingo da, gure lurraldeko pertsonen eta merkantzien mugimenduaren eta horretarako ditugun baliabideen ikuspegi globaletik.
Ondoren, Ignacio Alcalde Smart Citie-tan eta Lurralde Adimendunetan adituak, hiri-eraldaketa jorratuko du, hiria esparru-agertoki gisa hartuta (adibidez, Gamarrako industrialdea), eta mundu berriko agertoki gisa ere kokatuko ditu. Hiri Adimena, Mugikortasuna eta lurraldeko eskala berriak izango dira azalpenaren ardatz nagusiak. Hurrengo belaunaldien habitaterako joerak ere aipatuko ditu, mugikortasun berriak lurraldea artikulatzeko eta pertsonei bizi-kalitatea eta aukerak eskaintzeko duen zeregina azpimarratuz, karbono-aztarna murriztuz.
Ondoren, Andrés Juste Hernándezek parte hartuko du (Europako Batzordeko DG REGIOko G2 Espainia eta Portugal unitate geografikoko hiri-mugikortasuneko eta Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeko arduraduna). Hitzaldi horretan Europar Batasunaren kohesio-politikan hiri-mugikortasunak duen lekua jorratuko da, zehazki, Europako kohesio-politikaren finantza-tresna nagusietakoa den Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez.
Atsedenaldi labur baten ondoren, bi mahai-inguru egingo dira. Lehenengoaren izenburua “Hiri-eredua eta hiriko mugikortasuna” izango da, eta hiru ardatz nagusi izango ditu: Superetxadiak eta horiek hiri-mugikortasunean dituzten ondorioak eta onurak; garraio publikoko sareen egituraketa eta integrazioa hirien jasangarritasunarekin lankidetzan aritzeko; eta ezarritako helburuak lortzeko orduan teknologia berriek duten eragina.
Arantza Leturiondok gidatuko du eztabaida. Kudeaketa eta gobernantza publikoko aholkularia da, eta esperientzia handia du Eusko Jaurlaritzan lurralde-antolamenduan, hirigintzan eta ingurumenean. Gerardo Lertxundik (Bartzelonako Garraio Metropolitarretako kontseilari ordezkaria) eta Carlos Ibarluceak (Gasteizko Udaleko Hiri Eredu, Ingurumen eta Ekonomia Sustapen Arloko koordinatzaile nagusia) beren ezagutza eta ikuspuntua emango dute.
Bigarren mahaiaren gai nagusiak EGEak (Emisio Gutxiko Eremuak) eta azken miliako logistika izango dira. Mercedes Llop Pomares izango da moderatzailea, Garraioetan eta Hirigintzan aholkularia da duela 20 urte baino gehiagotik, eta gaur egun Camilo José Cela Unibertsitateko Logistika-enpresen zuzendaritzako eta hornidura-kateko masterra zuzentzen du. Montserrat Estaca Gómez DGTko Trafikoko probintzia-buruak, Jordi Casas Juan mugikortasun jasangarriaren plangintzan eta kudeaketan eta garraioaren sektorean adituak, eta José Carlos Espeso AECOC Españako Smart Distribution arloko arduradunak hartuko dute parte.
Jardunaldia Pedro Marco Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Azpiegitura sailburuordeak eta Jon Nogales Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak itxiko dute.