Euskotrenek bere gaitasunaren ia-ia % 100 eskaintzen du lanegunetako eguneko zerbitzu guztietan
Euskotren bere gaitasunaren ia-ia % 100 eskaintzen ari da lanegunetako eguneko zerbitzuetan, bai trenetan bai Bilbo eta Gasteizko tranbietan. Uneotan, trenetako gaueko zerbitzua bakarrik dago mugatuta. Hain zuzen, trenen azken irteerak 00:00etan egiten dira gehienez.
Garraio publikoaren sektorearen gainerakoan gertatzen den moduan, pandemian, Euskotrenek bidaiarien beherakada nabarmena izan du, nahiz eta goizeko edo arratsaldeko ordu-tarte batzuetan ("puntako ordu" deritzenak) bidaiari gehiago izan.
Pandemia hasi zenetik, Euskotrenek etengabe monitorizatzen du egoera bere garraiobideetan, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko. Eta atzo (igandea) Larrialdiei Aurregiteko Bideak (LABI) emandako argibideei jarraituz, puntako orduetako zerbitzuan errefortzu puntualak eskaintzeko bideragarritasun teknikoa aztertzen ari da.
Maiztasuna areagotzea eta ohiko ordutegiak aldatzea planteatzeko kontuan izan behar dira trenek eta tranbiek dituzten muga espezifikoak, hala nola azpiegituraren beraren gaitasuna, trafikoa arautzeko seinaleztapen-sistema, segurtasunaren arloan hartutako neurriak eta tren/tranbia-unitateen kopuru mugatua.
Garraio publikoko enpresek Larrialdiei Aurregiteko Bideak (LABI) egindako gomendioei era koordinatuan erantzuteko asmoz, neurriak Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) Garraioa Koordinatzeko Mahaiaren bileran landuko dira. Bilera hori ostegunerako deitu da (azaroak 5).