Material mugikorra

Entradilla

Azken tranbia estraluzea Euskotreneko tailerrera heldu da, zerbitzu komertzialean sartu aurreko azken probak egiteko

Body

CAF enpresak Euskotrenentzat fabrikatu duen zazpi tranbia estraluzeetako azkena apirilean sartuko da zerbitzu komertzialean. Aste honetan, unitate berria Euskotrenek Ibaiondon duen tailerrera heldu da, non akabera-lanak eta abian jartzeko lanak egingo zaizkion, epe laburrean Arabako hiriburuko trenbideetan zirkulatzen has dadin. Lehen zirkulazioak, bidaiaririk gabekoak, funtzionamendu egokia eta segurtasuna egiaztatzeko beharrezko probak egiteko erabiliko dira. Apirilean hasiko ditu zazpigarren tranbia estraluzeak bidaia komertzialak, baina oraindik ez da egunik zehaztu. 

Azken tranbia horrek amaiera emango dio tranbia-flotaren modernizazio-prozesuari, zeinak, 25 milioi euroko zenbatekoari esker, aukera eman duen guztira zazpi tranbia estraluze sartzeko tranbia-zerbitzuan. Duela gutxi ibilbideak luzatu ziren (beste luzapen batzuk ere aurreikusten dira), eta, puntako orduetako eta ekitaldien garaietako eskariak beharrezko egiten zuen Euskotrenen tranbia-zerbitzuak eskainitako plazak areagotzea. Behar horiei erantzuteko, erabaki zen zerbitzu bakoitzean plaza gehiago eskaintzea zela aukerarik onena (material mugikorraren edukiera handituta), eta, horri esker, hiriko trafikoarekiko eta hiriaren barne-funtzionamenduarekiko bizikidetza hobetu egingo da. Maiztasunak handitzearen ordez, tranbien edukiera handitzea erabaki zen; izan ere, 5 kotxetik 7ra igaroz gero, eskaria modu eraginkorrean arindu ahal izango litzateke, ohiko tranbien erabiltzaile-kopurua areagotu ahalko baita: 270 pertsona ordez, 7 kotxeko tranbia batek 400 pertsona garraiatu ditzake.

Zazpi moduluko lehen bi tranbiak 2020ko martxoan jarri ziren abian Gasteizen, eta, gaur egun, mota horretako lau unitate ari dira zirkulatzen zerbitzu komertzialean. Laster sartuko dituzte hurrengo biak, bosgarrena eta seigarrena, azken onespenen eta kudeaketa dokumentalen zain baitaude. Halaber, apirilean zehar zazpigarren eta azken unitatea iritsiko da, behin fabrikazio-prozesua eta probak amaitzen direnean.

Beraz, tranbia-flota 15 unitatek osatuko dute: 7 estraluze eta bost moduluko 8 unitate. Euskotrenen Zuzendaritzak adierazi duen moduan, ‘material mugikor horrekin denbora luzerako estalita izango ditugu Gasteizko tranbia-zerbitzuaren beharrak, gutxienez lau edo bost urtetarako. Euskotrenen beti aztertzen ditugu arretaz merkatuan ateratzen diren hobekuntza eta bilakaera tekniko eta teknologiko berriak, eta, noski, nahitaezko arauen aldaketak ere arretaz jarraitzen ditugu. Beraz, etengabeko aldaketak eta hobekuntzak gehitzen ditugu gure material mugikorrean’. 

Tranbia estraluzea % 100ean zoru baxuko ibilgailua da, noranzko bikoitzekoa; 16 sarrera-ate ditu (8 alde bakoitzean), eta guztira 58 eserleku gehi beste 6 eserleku tolesgarri. Tranbia osoa altuera bakarrean dago; beraz, aniztasun funtzionala duten pertsonak erraz sar daitezke.

BIDEOA IKUSI: YouTube https://youtu.be/hnzw0cHrs04

 

js-tarifas