Garraio Sailak astelehenean -abuztuak 7- jarriko du martxan Zarautzen dagoen San Pelaioko geraleku berria
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, astelehen honetatik, hilaren 7tik, aurrera jarriko du martxan Zarauzko San Pelaioko geraleku berria. Aurretiazko urrats gisa, joan den hilaren erdialdean beheko pasabidea ireki zen, trenbidearen iparraldean eta hegoaldean dauden bi bizitegi-sektoreren arteko lotura errazteko. Horrela, udan hondartzara doazen oinezkoentzako joan-etorriak ere erraztu dira.
Erabat berriturik dagoen geraleku berriak hobekuntza ugari izan ditu, azken urteetan trenbideko azpiegitura horren eskaria hirukoiztu egin dela kontuan hartuta, batez ere. Izan ere, 2013an 100.029 erabiltzaile izatetik 2019an 331.595 izatera igaro da. Igoera hori, ziurrenik, areagotu egingo da Zarautz-Donostia tartean, Donostian Topoaren trenbideko saihesbidea martxan jarri ondoren.
Horrela, obren ondoren, San Pelaioko beheko pasabideak 3 eta 6 metro arteko zabalera izango du. Halaber, 70 metro luze eta 2,80 metro zabal zen nasa, 80 metro luze eta 3,5 metro zabal izango da. Babeserako elementu gisa, geralekuak 11 metro inguruko markesina bat zuen nasaren erdian, eta orain markesina hori 28 metrokoa izango da.
Geltoki berriak 100 metro karratuko ataria du orain, eta beheko pasabidetik heltzen da bertara. Txartelak saltzeko makinak, makina baliogabetzaileak, txartelak saltzeko eta bezeroari informazioa eta arreta emateko erakusmahaia eta gela teknikoak ditu. Bertatik, nasarako sarbidea eskaileren edo igogailuaren bidez egiten da. Igogailuak bizikletak garraiatzeko ahalmena du.