Gasteizko tranbia Zabalganaraino luzatzearekin, Estatuan garraiobide horretako kilometro gehien dituzten hirien artean egongo da Gasteiz

Entradilla

Gasteizko tranbia Zabalganaraino luzatzearekin, Estatuan garraiobide horretako kilometro gehien dituzten hirien artean egongo da Gasteiz

Body

- Zabalganaraino luzatzeko lanak aste honetan bertan hasiko dira, Aldaiako adarreko lan topografikoekin

- Eusko Jaurlaritzak 70 milioi euro inbertituko ditu datozen hiru urteetan 12 tranbia estraluze berri gehitzeko. Horiei esker, tranbia hiriaren ekialdera hedatu ahal izango da eta zerbitzuaren gero eta eskaera handiagoari erantzun ahal izango zaio.
 

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak Ibaiondoko aginte postua, kotxetegiak eta tranbiaren tailerrak bisitatu dituzte astearte honetan. Sailburuak, kargua hartu zuenetik, lehen aldiz bisitatu ditu tranbiaren azpiegiturak eta bisita baliagarria izan da zerbitzu publikoko azpiegitura horren egunerokotasuna ezagutzeko.

Euskotren Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak zuzentzen duen hiriburuko tranbiaren aginte-postuak astegunetan 269 zirkulazio kontrolatzen ditu egunero. Aginte-postu horretatik, eta sareko zenbait puntutan dauden kameren laguntzarekin, zaintzen da zerbitzuaren garapena. Hala, egunero konboiak gidatzen dituzten 35 gidariei laguntza emango zaie eta, gorabeheraren bat izanez gero, azkar erantzun ahal izango zaio. Gaur egun zerbitzua egiten duten 16 unitateak gauero erretiratzeko erabiltzen diren kotxetegietan eta tailerretan egiten dira unitate horien barruko eta kanpoko mantentze- eta garbiketa-lanak.

Bisitan, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak alkateari jakinarazi dio aste honetan bertan hasiko direla tranbiaren Aldaiako adarra Zabalgana auzoraino luzatzeko lanak, beharrezkoak diren lan topografikoekin. Gero, obra-etxolak jarriko dira, eta perimetroak ezartzeko lanak egingo dira, makineria astuna iritsi aurretik. Eusko Jaurlaritzaren Euskal Trenbide Sarea entitate publikoak egingo dituen lanei esker, tranbiak 6,3 kilometro gehiago izango ditu eta hamaika geraleku gehiago, enbor komunean, bi adarretan eta kotxetegi berrietarainoko luzapenean. Hori dela eta, Gasteiz bihurtuko da Espainiako iparraldeko tranbia-kilometro gehien dituen udalerria, eta Estatuko lehenengo hiruren artean izango da, Eusko Jaurlaritzako arduradunak nabarmendu duenez.

Aldi berean, Euskotren Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak datozen hiru urteetan 12 tranbia-unitate gehituko dizkio bere flotari, eta horretarako 70 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du. CAF enpresa beasaindarrak, Euskotrenen talde teknikoarekin batera, amaitu du jada datorren urtean fabrikatuko diren unitate berriak diseinatzeko prozesua, eta pixkanaka entregatuko dira unitateak 2028tik 2029ra bitartean.

12 konboi berri horiei esker, Euskotrenek ahalmen handiagoa izango du zerbitzuaren gero eta eskaera handiagoari erantzuteko —batik bat puntako orduetan eta ekitaldiren bat egiten denean—, baita trazaduraren etorkizuneko handitzeei aurre egiteko ere. Handitze horien artean Zabalganakoa dago, auzo hori erdigunearekin 15 minutuan behin lotuko duena adarretan, eta 7,5 minutuan behin tarte komunean.

Susana García Chueca sailburuak aditzera eman duenez, tranbiak 6,1 milioi bidaia izan ditu 2026ko lehen seihilekoan, eta “hiria egituratzen duen eta herritarrak eta auzoak sozialki kohesionatzen dituen” zerbitzu publikoa da. Zabalganaraino luzatzera begira, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak baloratu dutenez, “pieza guztiak abian dira, handitzea errealitate izan dadin”.  

Maider Etxebarria alkateak aditzera eman duenez, tranbia zabaltzea “mugikortasun jasangarriarentzat funtsezkoa da eta erakundearteko elkarlanaren adibidea” da. Luzapen berria “bultzada erabakigarria” izango da Gasteizko auzorik jendetsuenean dagoen garraio publikoarentzat, zerbitzu “erosoa eta kalitatezkoa” eskainiz. Gainera, “luzapen berriak aztertzeko” deia egin dio sailburuari eta, horregatik, datorren ikasturte politikoan bilera bat egiteko interesa agertu dio, Arabako hiriburuaren tranbiaren “etorkizuneko bilakaera” aztertzeko.

Aurrerapenak edukieran, klimatizazioan eta irisgarritasunean

Gasteizko tranbiaren material mugikorraren egungo flota 16 unitatek osatzen dute (7 unitate estraluze eta bost moduluko 9 unitate), eta horiei Bilbon jarduten duten 10 unitateak gehitu behar zaizkie. Unitate berri guztiak gehituta, Euskotrenek % 45 handituko du tranbia-zerbitzurako ibilgailuen kopurua. Tranbia berrien luzera —7 modulu, 44 metro luze eta 400 lagunentzako edukiera— gaur egun zirkulazioan dauden zazpi unitate estraluzeen berdina izango da. Ezaugarri teknikoen artean dago bidaiaren erosotasuna hobetzea, bero handiko egunei aurre egiteko aukera emango duen klimatizazio-sistema berriarekin.

Gainera, unitateek irisgarritasun unibertsala hobetzeko neurri espezifikoak izango dituzte, hau da, pertsona guztiek aukera berdinak izango dituzte garraio publiko egokitu eta inklusiboa erabiltzeko. 2024an, dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarte eta kolektiboekin egindako parte-hartze eta entzute aktiboko prozesu zabal baten ondoren, ‘Irisgarritasuna Hobetzeko 2024-2030 Plan Estrategikoa’ idatzi zen. Horri esker, egungo premiak hobeto ezagutu ahal izan ziren eta soluzio berriak eman. Horrela, tranbia berriek irisgarritasun unibertsaleko parametro berriak beteko dituzten seinaleak izango dituzte, ez dute eserleku eraisgarririk izango eta kolore bidez bereiziko dituzte lehentasunezko erabilerako eserlekuak, hobeto identifika daitezen. Era berean, tranbien barruan ikusmen-urritasuna duten pertsonen orientazioa errazte aldera, tranbiei fabrikatik txertatuko zaie Euskotrenek Euskadiko tranbia-zerbitzurako berariaz sortu duen lurzoru podotaktileko prototipoa.

js-tarifas