Gasteizko tranbiaren geraleku berriek baliozkotzeen % 9,82 lortu dute apirilaren 12an
Euskotrenen Gasteizko tranbiaren geraleku berriek Santa Luzia – Salburua zatian 2.453 baliozkotze izan dituzte apirilaren 12an, asteazkena, eta sare osoan lortutako baliozkotzeen % 9,82 lortu dute. Salburuarako zati berria apirilaren 11n, asteartea, jarri zen abian (egun horretan doako zerbitzua izan zen, herritarrek tranbia-sarearen prestazioak ezagutu ahal izateko).
Zati berriko geralekuetan baliozkotze hauek erregistratu ziren atzo:
• Salburua: 774.
• La Unión: 390.
• Nikosia: 597.
• Iliada: 409.
• Santa Luzia: 283.
2023ko martxoko datuen arabera, orain arte Gasteizko tranbia-sistemaren banaketa honakoa zen tarteen arabera:
• Honduras - Florida tartea (7 geraleku): Baliozkotzeen % 55,5.
• Ibaiondo - Euskal Herria tartea (6 geraleku): % 21,3.
• Abetxuko – Intermodal tartea (8 geraleku): % 17,1.
• Hegoalde – Unibertsitatea tartea (2 geraleku): % 5,9.
Salburuako adarra irekita, Gasteizko tranbia-sareak bost geraleku gehiago ditu -Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Unión eta Salburua- eta auzo gazte bati eskaintzen dio zerbitzua; gaur egun 20.000 biztanle inguru ditu auzoak eta hazten ari da. 2,5 kilometro luzatzeari esker, Salburua, Judimendi eta Santa Luzia auzoek konexio hobea dute erdigunearekin eta hiriburuaren iparraldearekin eta autobus-geltoki berrira eta unibertsitate eremura ere errazago iristen da. Salburuako adarrari esker, 3.700 biztanlek tranbia-geraleku bat dute etxeetatik bost minutu baino gutxiagora eta 18.300 biztanlek 10 minutu baino gutxiagora.
Era berean, Salburuarako zerbitzuari esker geltoki nagusiak eta helmugak berrantolatu egin dira, ondorioz, Abetxukotik Unibertsitatera eta Ibaiondotik Salburuara doaz orain tranbiak 15 minututik behin.