Arriola sailburuak ziurtatu duenez, Euskotrenek ehuneko 15ean gainditu ditu dagoeneko pandemia aurreko zifrak, eta 2023an joan-etorrien errekor historikoa iragarri du

Entradilla

Arriola sailburuak ziurtatu duenez, Euskotrenek ehuneko 15ean gainditu ditu dagoeneko pandemia aurreko zifrak, eta 2023an joan-etorrien errekor historikoa iragarri du

Body

- Garraio sailburua eta Maider Etxebarria alkatea Green Urban Mobility foroaren irekieran izan dira. Bertan hirietako mugikortasun jasangarriak hirien eraldaketan duen eraginari buruz eztabaidatu duten 150 profesional elkartu dira

- Arriolak Gasteizko tranbia martxan jarri zeneko 15. urteurrenaren bezperan gogorarazi duenez, tranbia ardatz nagusitzat hartuta Arabako hiriburua ingurumenarekiko konpromisoaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuaren adibide da

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak gaur ziurtatu duenez, 2023an Euskotrenek hautsi egingo du joan-etorrien marka historikoa, ekitaldiaren azken bi hilabeteei dagozkien behin betiko datuen faltan 2019an lortutako pandemia aurreko zifrak ehuneko 15ean gainditzen dituelako.

“Euskotrenek operatzen dituen garraiobideetan, guztira, hogeita hemeretzi milioi eta erdi joan-etorri egin dira. Horrek esan nahi du % 22ko igoera izan dela aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta zifrei dagokienez garraio publiko osorako erreferentziazko urtea izan zen 2019an baino % 15 gehiago”, adierazi du Arriolak gaur goizean Gasteizko Europa Jauregian egin den Green Urban Mobility foroaren irekiera ekitaldian.

Garraio arduradun nagusiak, Maider Etxebarria alkatearekin batera, mugikortasunaren eta hirigintzaren arloko 150 profesionalekin batera, Gasteizko tranbia martxan jarri zeneko 15. urteurrenaren inguruan antolatutako jardunaldi batean hartu du parte, mugikortasun jasangarriak hirien eraldaketan duen eraginari buruz eztabaidatzeko eta ezagutza emateko helburuarekin.

Arriolak nabarmendu duenez, Gasteiz ingurumenarekiko konpromisoaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuaren adibide da, tranbia ardatz nagusitzat hartuta: “15 urte hauetan, tranbiak 105 milioi bidaia baino gehiago balioztatu ditu. Tranbiaren eskaria, pandemia garaian denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik izan ezik, goraka joan da urtez urte. Aurtengo urtarriletik urrira 7,2 milioi bidaiari izan ditu tranbiak, 2019ko aldi berean metatutako kopurua baino ia % 7 gehiago. Tranbia, hiri-kohesiorako elementu ez ezik, hiriaren fisionomia aldatu eta bertako kale eta plazen hirigintza aldatu dituen elementua ere bada”.

Maider Etxebarria alkatearen aburuz, “orainaren eta etorkizunaren mugikortasuna jasangarria izan behar da. Gasteizek hori defendatzen du duela hamarkada batzuetatik hona, eta gaur egun ere aukera batean bihurtu du arlo ekonomikoan. Berrikuntzak eta garraiobide berriek giltzarri bat izan behar dira gure sare ekonomikoa bultzatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko. "Berdea" kolorea izateari utzi eta motor ekonomiko bihurtu da”.

Hiri-mugikortasuna eta hiri-diseinua, digitalizazioaren eta mugikortasun aktiboaren joerak, CO2 emisioen murrizketa garraioan, etxez etxeko entregen hazkundea eta horrek ingurumenean duen eragina edo hirien erdigunean ibilgailu pribatuari ezarritako murrizketak landu dira Garraio Sailak, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak antolatutako foroaren ponentzia eta mahai-inguruetan.