Euskotren Women Winter Series. Durangok hartuko du Gernikaren lekukoa!
- Astelehenetik aurrera emakume puntistarik onenak lehiatuko dira Ezkurdin, Euskotren Winter Series txapelketan.
- Lizardiren lesioak atea ireki dio Elaia Gogenola gazteari eta bera da berritasun nagusia.
- Erika eta Arai iazko txapeldunek ez dute bikote bezala errepikatuko.
- Gizonezkoen banakakoan Erkiaga, Johan, Laduche eta Lekerika neurtuko dira.
- ETB 1ek partida guztiak eskainiko ditu: otsailaren 26an eta martxoaren 4an eta 11an.
Emakumeen zesta-puntak Durangoko Ezkurdin du bere zita nagusia astelehen honetatik aurrera. Pasaden urteko arrakastaren ondoren, bigarren edizioa du Women Winter Series txapelketak, oraingo honetan EUSKOTREN, Eusko Jaurlaritzaren enpresa publikoaren babespean gainera. Duela hainbat urte hasita emakumeen kirolaren alde ari da lanean Euskotren eta orain beste pausu bat eman du, zesta-puntara jauzi eginez.
Eszenatokia, zelan ez, Ezkurdi pilotaleku historikoa izango da. Urtebete besterik ez da pasa konpondu eta inauguratu zutenetik eta Durango zesta-puntaren plaza garrantzitsuenen artean kokatu da berriz ere, Women Winter Series, Banakako Series edota urrian jokatu zen Jai Alai Leagueko Final Four-arekin.
Lizardiren lesioa eta Gogenolaren berritasuna
Kirol ikuspegiari dagokionez aldaketa esanguratsu bat dago aurtengo edizioan. Eneritz Lizardi mutrikuarrak, emakumeen zesta-puntan erreferentzia bat denak, ez du parte hartzerik izango. Atzelari gipuzkoarrak haustura dauka eskuin belauneko lotailu gurutzatuan. Martxoaren 14an egingo diote ebakuntza eta aurreikuspenen arabera urte erdi egongo da kantxetatik kanpo. Zoritxarreko albiste honek ate bat ireki dio pilotari berri bati. Elaia Gogenola (Berriatua, 2007) aurrelari indartsu eta ausartari.
Emakumeen zesta-punta bidea egiten ari den kirol disziplina da oraindik eta goi mailako txapelketa antolatzeko, BOST aurrelari eta HIRU atzelari aukeratu ditu Eramanek. Nahitaezkoa beraz, aurrelari batek atzeko posizioetan jokatzea. Pilota munduan eta zesta-puntan askotan gertatu izan da hau eta pilotari batek duen moldatzeko gaitasuna erakusten du gainera. Gauzak horrela, Ihart Arakistain sopeloztarra izango da atzelari gisa jokatuko duena. Arakistainek maila ona ematen badu, aukerak irekiko dizkio aurrera begira aurrelari zein atzelari bezala jokatzeko. Bere bikotekidea Elaia Gogenola izango da, aurtengo berritasuna. Biak dira Berriatuko klubeko pilotariak eta elkar ondo ezagutzen dira.
Txapeldunek ez dute bikote moduan errepikatuko
Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markinarrak dira iazko txapeldunak baina aurten ez dute bikote bezala errepikatuko. Mugartegik Maialen Aldazabal berriatuarrarekin jokatuko du eta Lejardik Helena Barrenetxea durangarrarekin. Punta-puntan dagoen pilotaría da Lejardi: bera da Winter Serieseko eta Buruz Buruko egungo txapelduna eta aurkari guztiek garaitu nahi duten puntista. Txapelketan parte hartuko duen beste bikotea, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak eta Frida Watkins zumaiarrak osatzen dute.
Banakako Seriesa
Gizonezkoen buruz burukoan lau pilotarik hartuko dute parte Eraman! enpresak antolatutako Banakako Seriesean: Aritz Erkiagak faborito nagusia, Johan Sorozabalek, Ludovic Laduchek eta Unai Lekerikak.
Otsailak 26, 19:00tan FINALERDIAK
HELENA-ARAI vs MAITE-FRIDA (Euskotren WS)
Johan vs Laduche (Banakako Seriesa)
Martxoak 4, 19:00tan FINALERDIAK
ERIKA-MAIALEN vs ELAIA-IHART (Euskotren WS)
Erkiaga vs Lekerika (Banakako Seriesa)
Martxoak 11, 19tan FINALAK
*** Partida guztiak ETB 1en ikusi ahal izango dira, astelehenetan 22:15tatik aurrera.
Bonoak eta sarrerak
Txapelketarako sarrerak eta bonoak eskuragai daude www.eramanjaialai.com webgunean.
Durangon zesta-punta biziberritzen
Ezkurdi inauguratu eta urtebetera, zesta-punta biziberritu egin da Durangon. Klub berria eratuta 44 fitxa dituzte jada baina denetara 64 pilotari dira Ezkurdin zestaz entrenatzen ari direnak. Lehen pilotari gazteak falta ziren eta orain ostera, kantxako ordu-libreak falta dira Durangon.
Aritz Erkiaga ERAMAN!-eko pilotaria da klubeko monitorea. Bera da Durangoko zesta eskolaren erreferentzi nagusia. Aritzek egiten duen joku ausart eta ikusgarria da, neurri batean ala bestean, zale guztiek ikusi nahi dutena.
Pilotariak
HELENA BARRENETXEA (Durango, 2007)
ARAI LEJARDI (Markina-Xemein, 2007)
MAITE ORTIZ DE MENDIBIL (Gasteiz, 2005)
FRIDA WATKINS (Zumaia, 2008)
ERIKA MUGARTEGI (Markina-Xemein, 2008)
MAIALEN ALDAZABAL (Berriatua, 2006)
ELAIA GOGENOLA (Berriatua, 2007)
IHART ARAKISTAIN (Sopela, 2006)