ETSk Araba Jenerala -Independentzia tartea zolatuko du berriro eta 32 kutxeta kenduko ditu tranbiaren trazatik, gurpil gaineko trafikoaren hots-eragina murrizteko
• 418.225 euroko kostua duten obrak Andre Maria Zuriaren jaien ondoren hasiko dira eta hiru hilabeteko epean bukatu
• Hiru astez tranbiak ez du zirkulatuko Legebiltzarra eta Angulema artean, baina Euskotrenek ohiko zerbitzua eskainiko du gainerako lineetan
Abuztuan, Andre Maria Zuriaren jaien ostean, Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, Gasteizko Independentzia eta Alaba Jenerala kaleen artean tranbiak eta zerbitzu publikoko ibilgailuek partekatzen duten plataformaren tartea zolatuko du berriro eta 36 kutxeta kenduko ditu tranbiaren trazatik.
Euskal trenbide-kudeatzailearen kontratazio-organoak argi berdea eman dio gaur 418.225,73 euroko oinarrizko aurrekontua (BEZik gabe) duten obren lizitazioari. Lanak osorik egiteko hiru hilabeteko epea aurreikusi da. Epe horren barruan, hiru astez ete berriztapenak eragindako kaleetan zirkulazioa guztiz etenda egongo da. Tranbiaren eta ibilgailuen trafikoa moztu egingo da, eta garajeetarako sarrera partziala baimenduko da. Aldi horretan, Euskotrenek sare osoan bermatzen du zerbitzua, Legebiltzarra eta Angulema geltokien arteko tartean izan ezik.
Ibilgailuak traza partekatutik igarotzeak sortzen duen hots-eragina murriztea bilatzen duen soluzioaren helburua, funtsean, egungo zorua kentzea eta horren ordez 10 cm-ko hormigoi bituminosoa jartzea da, bai eta 32 kutxeta kentzea eta beste 114 berreraikitzea ere. Kutxeta-kopurua gutxituz gero, etorkizuneko mantentze-jarduketak ehuneko 50ean murriztuko dira.
Aurrekariak
2008an martxan jarri zenetik, Araba Jenerala eta Independentzia kaleetan partekatutako plataformak esku-hartze ugari izan ditu kutxetak konpontzeko edo zorua birjartzeko.
Tarte partekatuan, hau da, Ibaiondo edo Abetxuko noranzkoetan tranbiak igarotzen diren trenbidean, autobusak, zamalanetarako kamioiak etengabe igarotzearen ondorioz sortzen da narriadura.
2016an, ETSk konponketa-lan osoa egin zuen: inprimatutako hormigoizko hasierako zoladuraren ordez, 7 cm-ko aglomeratuko geruza bat eta 3 cm-ko asfalto urtua jarri zituen, eta, aldi berean, lehendik zeuden kutxetak erabat berregin. Ordutik, kutxetak mantentzeko eta berreraikitzeko etengabeko lanak egiten jarraitu da, baina azken jarduketa integraletik zazpi urte baino gehiago igaro ondoren, egokitzat jo da erabilera partekatua duen plataforma beste behin berritzea.
Lan horiez gain, bederatzi metroko erreia ere ordeztu beharko da tranbiaren erabilera esklusiboko trenbidean, Araba Jenerala, Foru eta Independentzia kaleen elkargunearen parean. Horretarako, beharrezkoa izango da trenbideko lauza pikatzea eta hormigoi bituminosoa zabaldu aurretik berritzea.
Era berean, ikusi da trenbide partekatuak kalteak dituela Araba Jenerala kaleko gainazalean, Foru kalearen parean, erreietako baten eta iparraldeko oinezkoentzako gunearen artean. Horregatik, trenbideko lauza eraisteko eta birjartzeko zenbait partida sartu dira.