Garraio Sailak Bilboko tranbia Zorrotzaurrera luzatzeko eraikuntza-proiektuaren lizitazioa onartu du
Garraio Sailak Bilboko tranbia Zorrotzaurrera luzatzeko eraikuntza-proiektuaren idazketaren lizitazioa onartu du. Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-organoak argi berdea eman die uda ostean hasiko diren lanei. Lan horiek 950.000 euroko aurrekontua eta 18 hilabeteko egikaritze-epea dute.
Luzapena Euskaldunako biribilgunearen inguruan dagoen plataformarekin trenbide bikoitzeko konexioa egitean eta Zorrotzaurreko uhartean izango duen jarraipenean datza, eremu horretan aurreikusitako hirigintza eta hiri berroneratze arloko planekin bat etorriz. Trazadura berria 2,4 kilometro izango da luze, batez ere trenbide berdean, eta bost geltoki izango ditu, horietako bat Olabeagan. Horrekin, Bilboko tranbiaren sareak 10,5 kilometroko luzera izango du.
Sabino Aranako geltokia Jesusen Bihotzaren biribilgunera lekualdatzea, zerbitzuaren ustiapena dela eta, eta Olabeaga eta Zorrotzaurre lotuko dituen zubiaren eraikuntza-tipologiaren azterketa eta definizioa ere azterlan horretan jorratuko dira. Gurutzatzeko egitura berriak oinezkoen eta bizikleten erabilerak ahalbidetuko ditu, tranbia-plataformaren alde banatan.
Alde horretatik, proiektuak Olabeagako geltokiaren kokapenaren eta hiri-integrazioaren azterketa zehatza aurreikusten du, geltoki berriak Itsasadarraren kotan dagoen egungo kalearekiko irisgarritasuna hobetuko duten soluzioak kontuan hartuta.
Proiektuak hauek hartuko ditu kontuan, besteak beste: eraginpeko hiri-elementuen birkokapena, oinezkoen ibilbideen azterketa, egikaritze-faseetan ibilgailuen trafikoaren desbideraketa eta doikuntza, eta trafikoari buruzko azterlana tranbiaren adarra Euskaldunako biribilgunearekin lotzen den ingurunean.
Ingurumenaren gaineko eraginak murrizteko neurri zuzentzaileak lanen irismenaren parte dira. Horien artean daude uholde-arrisku baldintzen balizko aldaketari buruzko azterlan hidraulikoa, bibrazioei eta zaratari buruzko azterlana ustiapen-fasean eta zaratari buruzko azterlana obra-fasean.
Proiektatu beharreko adarraren hedadura eta Zorrotzaurreko uharteko urbanizazio-proiektuen eta egikaritze-lanen aurrerapen desberdina kontuan hartuta, luzapena tartekatutako bi fasetan banatuko da, honela:
- 1. fasea: Euskaldunako biribilgunean egongo den konexiotik, gutxienez, hegoaldeko puntan dagoen Zorrotzaurreko uharteko lehenengo geltokia barne.
- 2. fasea: Bigarren proiektu horren eremua aurrekoa amaitzen den puntuan hasiko da, eta Zorrotzaurreko uhartearen iparraldeko puntan dagoen tranbiaren azken geltokia barne hartuko du.