Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak garraio publikoaren erabilpenean marka berriak hausteko deia egin die herritarrei, klima-aldaketaren aurka borroka egiteko
- Euskadin egiten diren lau desplazamendutatik bat oinez egiten da, baina % 39 oraindik ere ibilgailu pribatuan
- Euskotrenek erakusketa baten bidez erakutsiko du Zazpikaleak geltokian, trenbide- eta tranbia-azpiegiturek nola hobetzen dituzten hiriak
Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak asteazken honetan herritar guztiei dei egin die datorren astean, Mugikortasunaren Europako Astearen esparruan, autonomia-erkidegoko hiri eta herrietan mugikortasun jasangarriaren alde egingo diren ekimenetan parte har dezaten. Bilbon egin den ekitaldian hiriko jarduera-programa gainbegiratu dute, eta sailburuak “erne egoten jarraitzeko, garraio publiko jasangarriaren, mugikortasun aktiboaren, oinez edo bizikletan ibiltzearen, aldeko apustua egiteko eta ibilgailu kutsatzaileak gutxiago erabiltzeko” deia egin du.
Nora Abete Bilboko Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzia eta Sonia Pérez Mugikortasun, Garraio eta Turismoko foru-diputatua bertan zirela, García Chuecak, pertsonen inplikazioari eta 2022ko irailetik indarrean dauden % 50eko deskontuek emandako bultzadari esker, garraio publikoan lortutako errekorren bideari jarraitzeko deia egin die herritarrei. Zehaztu duenez, Euskadin hamar bidaiatatik lau egiten dira oinez, baina oraindik ere ia proportzio bera mantentzen dute ibilgailu pribatuan egiten diren desplazamenduek.
Sailburuak adierazi du Euskadik orain dela urtebete inguru onartu zuela Mugikortasun Jasangarriaren Legea, garraio publikoa izatea pertsonen eskubidea dela jasotzen duena. Hori praktikan jartzeko, García Chuecak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez Euskadiko trenbide- eta tranbia-sarea hobetzeko eta zabaltzeko proiektu ugaritan ari dela lanean une hauetan.
Bizkaiaren kasuan, adibidetzat jarri du Bilboko metroaren 5. linea eraikitzeko proiektua, bost geltokiko ibilbide baten bidez Etxeberriko metroaren linearen amaiera Usansoloko ospitalearekin lotuko duena. Aipatu du Bilbotik Zorrozaurrerainoko tranbia-sarea zabaltzeko alderdi administratiboa izapidetzen ari direla, eta aurreratuta daudela Busturialdeko trenbide-sareko hobekuntzak.
Trenbide-azpiegiturak sortzeak, “alde batetik, pertsonak euren lantokiak, ikastetxeak, zaintza-lanak edo aisialdiko guneak dituzten lekuekin modu jasangarriagoan eta hobean lotzeko helburua betetzen dute, eta, bestetik, hiriak hobetzeko benetako aukera dira, eta Bilbo horren adibide argia da”, esan du sailburuak. Zazpikaleak geltokiak Euskotrenek sortutako argazki-erakusketa baten bidez erakutsiko du Bizkaiko hiriburuak tren- eta tranbia-lineen bidez izan duen bilakaera.