Gasteizko alkateak eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak datorren Urtezahar gauean tranbia-zerbitzu berezi bat aktibatzea adostu dute
- Tranbia-sistema Zabalganara zabaltzeko informazio-azterlana azaroan jarriko da jendaurrean
Gasteizko alkate Maider Etxebarria eta Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chueca hiriko udaletxean bildu dira gaur, astelehena, bi erakundeek legegintzaldi honetan partekatuko dituzten proiektuak aztertzeko. Bilera horretan, tranbia-sistema bultzatzeko bi administrazioek agertu duten lankidetza azpimarratu dute. Sistema horrek bidaiari kopururik handiena izan zuen 2023an.
Tranbiaren trazaduraren etorkizunari dagokionez, Etxebarriak eta García Chuecak tranbia Zabalganara (hots, jende gehien biltzen duen auzora) zabaltzeko egin beharreko hurrengo urratsak aztertu dituzte. Informazio-azterlana zabaltzeko eta, era horretan, aurreko agintaldiko udal-alegazioetara egokitzeko prozesua amaitzear dago, eta, prozesu horren ondoren, jendaurrean jartzeko beste epe bat irekiko da, azaroan. Alegazioak ebatzi ondoren, ingurumen-baimena eman arte itxaron beharko da behin betiko onartzeko. Aldi berean, eta epeak arintzeko, eraikuntza-proiektua idazten ari da, eta trazaduraren xehetasunak jasoko ditu. Proiektu hori onartu ondoren, obrak lizitatuko dira.
Sailburuak azpimarratu duenez, “hamabost urteko ibilbidean, Gasteizko tranbia-sareak bikoiztu egin du bere geraleku kopurua eta hedapena. Zabalganarako laugarren zabalkuntza horrekin, hiria erreferentzia izango da garraiobide horren ezarpen arrakastatsuan, herritarren inplikazioari esker. Halaber, hiri-berroneratzearen eta mugikortasun aktiboarekiko eta mugitzeko beste modu batzuekiko bateragarritasunaren eredu izango da”. 2023. urtean, tranbiak bidaiari kopururik handiena izan zuen garraio publikorako hobariei eta sarea Salburua auzora zabaldu izanari esker, eta García Chuecak azaldu duenez, 2024ko urtarriletik abuztura bitartean, “joera goranzkoa izan da berriz; 6,9 milioi bidaia egin dira, eta % 22,6ko igoera izan da”, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Tranbia-sistemaren egoera positiboa ikusita, sailburuak alkatearekin partekatu du Euskotrenek aurreikusi baino lehen lizitatu dituela Zabalganako hedapenarentzako erosi behar diren hiru tranbia, horrela sarean erabili ahal izateko (auzo horretarako luzapena baino lehen) pertsona gehien dauden uneetan, zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera.
Alkateak azpimarratu duenez, “Zabalgana Gasteizko auzorik jendetsuena da, eta denbora gehiegi darama tranbia noiz iritsiko zain. Horregatik, berri ona da urratsak egiten jarraitzea, auzoak azkenean garraiobide elektrikoa, eskuragarria, erosoa eta ahalmen handikoa izan dezan. Hori merezi dute bertako biztanleek”.
Gaueko zerbitzua jende asko dabilen egunetan
Bestalde, gauez hiriko mugikortasun jasangarria bultzatzeko modurik onena identifikatzeko egindako azterketaren emaitza gisa, gaueko ordutegian tranbiaren zerbitzu bereziak sortzea adostu dute, jende asko dabilen kasu berezietarako,. Gaur egun, zerbitzu horiek Santiago egunaren (Blusaren eta Neskaren egunaren) bezperan eta Andre Maria Zuriaren jaietan ematen dira.
Lehen aukera gisa, Eusko Jaurlaritzak Euskotrenen bitartez lan egingo du aurtengo Urtezahar gauean gaueko zerbitzua abian jartzeko. Zerbitzua Euskotreneko langileek ematen dute, borondatez. Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen eta tranbiaren operadorea den sozietate horrek ordutegien diseinua, ekipoa eta zerbitzua abian jartzeko behar diren maiztasunak aztertuko ditu. Etxebarriak eskerrak eman dizkio García Chuecak zuzentzen duen taldeari, Gasteizko proposamenari “denbora errekorrean” erantzuteko erakutsitako “gaitasunagatik”. Izan ere, alkateak berak helarazi zion aukera hori sailburuari hilaren 12an, “eta hamabost egunetan gaueko tranbiari buruzko akordioa iragarri dezakegu, erakundeen arteko koordinazioaren erakusgarri”.
Alkateak eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Alaba Jeneralaren kalearen etorkizuna ere aztertu dute, eta galtzada hobetzeko lanean hastekotan geratu dira. Izan ere, erabilera mistoko gune horretan tranbiak, udal-autobusak eta ibilgailu pribatuak ibiltzen dira.
Arabako aldiriko zerbitzua indartzea
Erakundeetako bi arduradunek aztertu dituzten gaien artean, Estatuko Gobernuak eskumen hori Eusko Jaurlaritzari eskualdatu izanari esker trenaren bidez Arabako Lautadako herrien eta hiriburuaren arteko konexioa indartuko duen eta 2025ean gauzatuko den aldiriko zerbitzua ere azpimarratu da. Errefortzuak goizeko, eguerdiko eta arratsaldeko ordutegietan eskainiko dira, astelehenetik igandera. Horretarako, bi zerbitzu berri sortuko dira Altsasurako noranzkoan, eta beste bat alderantzizko noranzkoan. Hortaz, hiriburuan amaitzen ziren lau zerbitzu luzatuko dira bi noranzkoetan, eta beste hiru gehigarri izango dira igandean. Horrek guztiak lau milioi euro inguruko inbertsioa izango du. Sailburuak adierazi duenez, helburua da “astegunetan lanagatik edo ikasketengatik mugitzen diren pertsonei trenaren erabilera erraztea benetan baliagarriak diren ordutegietan, eta asteburuetan aisialdirako edo kulturarako mugikortasunaren aldeko apustua egitea”.
Alkateak ziurtatu duenez, “helburua da lurraldeko konektagarritasuna hobetzea, horrek erraztu egingo baitu Gasteizera etortzeko aukera. Gainera, ingurumenaren ikuspuntutik ere neurri positiboa izango da gero eta jende gehiagok autoa etxean uztea eta trenera igotzea lortzen badugu".