Euskotrenek aurreakordioa lortu du gehiengo sindikalarekin, datozen lau urteetarako langileen lan-baldintzak arautzeko
- Hitzarmen kolektiboaren proiektuak bikaintasun profesionala aitortzeko sistema bat, baimen berriak eta 57 urtetik gorakoentzat lanaldiak egokitzea jasotzen ditu, besteak beste
Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren sozietate publikoak, garraio publiko autonomikoko enpresa honetan –tren, tranbia, metro, funikular eta autobusetan– ordezkaritza duen gehiengo sindikalarekin aurreakordio bat sinatu du astearte honetan, datozen lau urteetako lan-baldintzak arautzeko.
ELA, Koalizioa (independenteak, CGT eta ESK) eta UGTko atal sindikalekin lortutako adostasunak berekin dakar, epe horretan, pixkanaka aktibatzea karrera profesionalaren garapenarekin, bikaintasunaren onarpenarekin eta jardunaren ebaluazioarekin lotutako neurriak, baita lan-akordioak baimenen arloan gaur egunera egokitzea ere; aurrerapen horiek akordioa indarrean dagoen bitartean inplementatuko dira. Hori guztia sozietate publikoaren une erabakigarrian gertatzen da; izan ere, datozen urteetan, trenbide-zerbitzuak handitu egingo dira pixkanaka, hala nola Donostiako Topoaren lurpeko pasantea egitean edo Bilboko Metroaren 5. linearen ustiapenean, baita tranbia-zerbitzuak zabaldu ere, Gasteizko tranbia Zabalgana auzora eramanda.
Hiru hamarkadatan lehen aldiz Euskotreneko kategorien balorazioa egin ondoren, aurreakordioak kategoria profesional jakin batzuetarako maila-aldaketak jasotzen ditu eta Euskotrenen helburuei dagokienez lortutako bikaintasun profesionalean oinarritutako pizgarri- eta errekonozimendu-sistema bat ezartzen du; sistema horrek borondatez karrera garatzea ahalbidetuko du. 2025-28ko hitzarmen kolektiboaren proiektuak 21,68 milioi euro inguruko kostu-aurreikuspena du, eta 1.156 langiletan ezartzen du plantillaren gutxieneko finkoa, azken urteetan bizi izandako egokitze- eta finkatze-prozesuaren ondoren.
Halaber, itundutako testuaren arabera, 2027tik aurrera urteko 20 prestakuntza-ordu emateko bermea jasotzen da —bost urtetan metatu daitezke—, bai eta EAEko hiru hiriburuetako jaietan emandako zerbitzuaren konpentsazio ekonomikoa jasotzeko ere —herritarrei eskaintzen zaie boluntarioei esker—, mantentze-lanengatik beste prima batzuk, eta abar. Hor sartzen dira, halaber, gaixotasun terminalak dituzten edo beren kabuz baliatu ezin diren senideak zaintzeko baimenak, edo GKE batean kargu bat betetzeko nahitaezko eszedentziarako eskubidea. Hitzarmen kolektiboaren proiektuak eranskin bat du, eta bertan jasotzen dira kategoria profesional bakoitzari dagozkion hizkuntza-eskakizunak. Lanpostuen zerrendan xehatuko dira.
Besteak beste, lan-testuinguru osasungarrian sakontzeko asmoz, lanaldia egokitzeko edo 57 urtetik gorako pertsonentzat neketsuagoak izan litezkeen txandak murrizteko erabakia txertatu da. Eta araudian hainbat aurrerapauso gehitu dira, hala nola deskonexio digitalerako eskubidea edo LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzeko neurriak hartzea.