TOPO

Entradilla

Mugikortasun Jasangarriaren Sailak uztailaren 18an jarriko du martxan Topoaren Altza-Galtzaraborda tartea

Body

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gaur goizean iragarri duenez, Topoaren Altza-Galtzaraborda tarte berria uztailaren 18an hasiko da zerbitzua ematen. Horrela, alde batetik, amaiera emango zaio trenek ‘errebotatu’ egin behar duten Altzako geltokia den zaku-hondoari, eta, bestetik, Pasaiako Gure Zumardia plazaren azpiko lurpeko geltoki berria estreinatuko da. Jarduketa horri esker, tarte berria martxan jarri ondoren, terminal zaharra desegingo da, eta, ondoren, herria zeharkatzen duen zubibidea kendu.

Sailburuak berak, Miguel Ángel Páez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak, Antonio López ETSko zuzendari nagusiak eta Javier Seoane Euskotreneko zuzendari nagusiak obretara egin duten bisitan egin dute iragarpena. Bertan, aurreratu duenez, bihartik aurrera Gure Zumardia plazako urbanizazioaren zati bat herritarrentzat zabalduko da, Hamarretxeta eta Gelasio Aramburu (lehengo Azoka) arteko segmentua, haur jolasen eremua eta, azken asteetako meteorologia dela eta datozen egunetan egingo diren zenbait landaketa amaitzearen faltan. Eskalantegi eta Hamarretxeta arteko segmentua oso aurreratuta dago, eta San Fermin jaietarako modu partzialean gozatu ahal izango da. Era berean, hasi dira Sasuategiko ebakuazio galeriaren irteerako eraikina egiteko lanak.

Obra zuzendariak azaldu duenez, geltoki berriaren atondoaren barruan amaitu dira Altza eta Galtzaraborda arteko plaka gaineko trenbidea egikaritzeko lanak. Hala, Galtzarabordatik hurbilen dagoen tartea, balasto gaineko trenbidea, baino ez da falta. Terminala ia amaituta dago, eta trenbideko obra zibila ekainean amaituko da, sarrerako koralina eta metal-arotzeriako erremateak, aireztapen-esparruetako trenkadak eta gela teknikoak egitearen faltan.

Instalazioei dagokienez, geltokiaren muturretan dauden nasa azpiko aireztapenak eta larrialdikoak mihiztatzen ari dira. Era berean, seinaleztapen lanek aurrera jarraitzen dute, eta katenaria zurrunari dagozkion barrak jartzeko lanak hasi dira.

Galtzarabordan, berriz, aurrera egin da hormak zimendatzeko lanetan, eta lanak egiten ari dira bai hormen amaieran, bai plaka-balasto trantsizioko lauzan eta tunelaren irteeraren eta geltokiaren beraren artean dagoen balasto gaineko trenbidean. Sareko puntu hori estaltzeko proiektu aurreratuta dagoenez, sarea trenbide bakarrean iritsiko da Galtzarabordara eta tarte horretan hurrengo hilabeteetan bigarren bidea jarriko da.

Testuinguru honetan, Susana García Chueca-k beste bi iragarpen egin ditu: herritarrek Pasaiako geltokiko obrak bisitatu ahal izango dituztela ekainaren 15ean, 16an, 17an eta 18an; horretarako, aste batzuk lehenago egutegi bat eta izena emateko prozedura argitaratuko direla. “Ekain honetan hasiko dira martxa zuriak, hau da, Euskotren-en trenak probetan ibiliko dira oraindik inauguratu gabe dagoen tarte berrian”, aurreratu du sailburuak. Gainera, honakoa ere gehitu du: “Antxorako gainazaleko iraultza handia uztailaren 18an saihesbidea martxan jarri ondoren iritsiko da; izan ere, ordutik aurrera egungo geltokia desmuntatzeko lanekin hasiko gara, eta gero gaur egun trenak igarotzen diren biaduktua eraitsiko dugu”.

Altzako eta Galtzarabordako geltokien arteko saihesbidean zerbitzua ematen hasteak Amara eta Pasaia arteko geltoki guztietan 7,5 minutuko maiztasunak eskaintzea ahalbidetuko du –orain arte maiztasun hori Herreraraino bakarrik zegoen, eta Altzan eta Pasaian 15 minutuko itxaronaldiak zeuden–.

Autoridades en Pasaia

 

js-tarifas