Larreinetako funikularrak kabina birgaitua estreinatu du, bigarrena berritzeko lanetan diharduten bitartean
Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko sozietate publikoak, amaitu ditu birgaitze-lanak, eta Larreinetako funikularrak erabat berritutako kabina estreinatu du. Joan den asteburuan, bidaiariek bertatik bertara egiaztatu ahal izan dituzte kabinetan egindako hobekuntzak. Horien helburu nagusia da bidaiariei konfort eta erosotasun handiagoa eskaintzea bidaietan, eta kalitateko garraiobidea eskaintzen jarraitzea, duela ehun urtetik etengabe egin izan den bezala, zehazki 1926ko irailaren 24an funikularra inauguratzeko lehenengo bidaia egin zenetik.
Larreinetako gaur egungo funikularraren bagoiak 1985ean diseinatu eta fabrikatu ziren, eta, harrezkero, egituran ez da egin egun egiten ari diren birgaitzerik, nahiz eta mantentze-lanak eta konponketa partzialak egin izan diren.
2026an zehar, mendeurrenaren urtea den honetan, funikularrak kabinak estreinatuko ditu. Lehenengoa berritu eta funtzionamenduan jarri ondoren, bigarren kabina tailerrera eraman dute birgaitze-prozesuaren azken fasea gauzatzeko. Bitartean, zerbitzua kabina bakarrarekin emango da. Lanak egin bitartean funikularraren zerbitzua eten ez dadin, Euskotrenek itsas garraioko edukiontzi eraldatu bat jarri du kabinaren pisua orekatzeko. Edukiontzi horrek, nahiz eta ez dituen bidaiariak garraiatzen, aurrealdeko beirak ditu, bai eta gidaritza-postu erabat funtzional bat ere, ibilbidea gainbegiratzeko eta, beharrezkoa izanez gero, jardun ahal izateko.
Kabinak birgaitzea Euskotrenek, Trapagarango Udalarekin lankidetzan, 2026an mendeurrena ospatzeko gauzatutako ekintzetako bat da. Ekintza horien artean honako hauek nabarmentzen dira: Correosek emandako legezko zigilu filateliko esklusibo baten aurkezpen ofiziala (duela gutxi aurkeztu dena), liburu ilustratu bat eta gazteentzako komiki bat argitaratzea, funikularraren geltokietan argazki erakusketa iraunkorrak egitea, eta Meatzaldeko memoria kolektiboa babesteko hitzaldi tekniko eta ludikoen hainbat ziklo egitea.
Mende bat lurraldea eta aurrerapen soziala antolatzen
Larreinetako funikularra 1926ko irailaren 24an inauguratu zen ofizialki, eta gizarteari eta meatzaritzari lotutako helburu batekin jaio zen: garai hartan herritik isolatuta eta burdinaren erauzketa intentsibora emana guztiz emana zegoen udalerriaren goialde haranaren behealdeko herriguneekin eta fabriken sareekin lotzea. Europan bakarra den plataforma horizontal bereizgarria duen diseinuari esker, langileak 10 minutu eskasean garraiatu ahal ziren (errepide zaharrean zehar, ordu eta erdi behar izaten zuten), bai eta ibilgailu astunak eta salgaiak goratu eta garraiatu ere.
Etenik gabe funtzionamenduan daramatzan ehun urte horietan zehar, funikularrak jakin du lurraldearen erritmo berean aldatzen. Eskualdea deskarbonizatu ondoren, Euskotrenen kudeaketapean, azpiegitura ezinbesteko zerbitzu publiko bihurtu da Larreineta eta Zugaztieta auzoen eguneroko konektagarritasunerako, bai eta euskal ondare industrialaren lehen mailako interesgune turistiko ere.
