Garraio Sailak L5a Bilbo-Donostia linearekin lotzeko eraikuntza-proiektua lizitatu du

Entradilla

Garraio Sailak L5a Bilbo-Donostia linearekin lotzeko eraikuntza-proiektua lizitatu du

Body

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, argi berdea eman dio 5. Linea eta Euskotrenek ustiatzen duen Bilbo-Donostia linea lotzeko eraikuntza-proiektuaren idazketaren lizitazioari.

Euskal trenbide-kudeatzailearen kontratazio batzorde delegatuak 700.000 euroko oinarrizko aurrekontua eta 12 hilabeteko egikaritze-epea dituen kontratuaren lizitazioa onartu du.

Kontratuaren xedea da Galdakaoko Ospitaleko geltokiaren eta Bilbo-Donostia trenbidearen arteko tartea, Bediako udalerritik igarotzen den tartean, eraikitzeko eta martxan jartzeko beharrezkoak diren obrak zehaztea, bai eta horien eraginak eta balorazio ekonomikoa ere.

Aurreikusitako trazadura Ibaizabal ibaiaren azpitik igaro beharko den tuneletik joango da oso-osorik; beraz, beharrezkoa izango da behar besteko sakonera izatea, eraginik ez izateko. Alde horretatik, enpresa esleipendunak inguruan dauden bideetan izan ditzakeen eraginak aztertu beharko ditu, hala nola N-240 errepidean, Usansoloko zenbait herri-bidetan eta bertan dauden landa-bideetan.

Proiektuak obrak behar bezala egiteko behar den informazio guztia jasoko du, Bediatik igarotzen den ETSren linean tren-zerbitzuari ahalik eta kalterik txikiena egingo zaiola bermatuz. Lehendik dagoen linearekiko lotura gauzatzeari begira, beharrezkoa izango da tren-zerbitzuaren funtzionamendu normala ahalbidetuko duten behin-behineko zenbait fase planteatzea. Beraz, proiektuak, obraren behin-behineko faseetarako, zirkulazioaren mantentze-lanetarako beharrezkoak diren instalazioei, seinaleztapenari eta elektrifikazioari buruzko unitate guztiak jasoko ditu.

Dagoeneko egikaritzen ari den eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdi bana finantzatzen duten Bilboko metroaren 5. linea 6,3 kilometro da luze eta bost geltoki izango ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Ospitalea.