Garraio Sailak Bediako geltokian trenbide-pasagune bat kentzeko eta disuasio-aparkaleku bat eraikitzeko lanak lizitatu ditu
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarearen kontratazio-batzordeak lizitaziora atera ditu Bilbao-Donostia lineako Bediako geltokiaren nasen arteko trenbide-pasagunea kentzeko eta disuasio-aparkaleku bat eraikitzeko lanak. Lehiaketan parte hartu nahi duten enpresek 3,1 milioi euroko aurrekontua eta gehienez ere 12 hilabeteko epea dituzte.
Aparkalekuak 2.150 metro karratuko azalera du, eta une honetan bertan dauden nasetako kota berean dago proiektatuta, geltokirako irisgarritasuna hobetzeko. Aparkalekuak 41 plaza izango ditu guztira, lau plaza ibilgailu elektrikoentzako kargarekin prestatuta eta beste bi mugikortasun urriko pertsonentzat. Halaber, bizikletak, ohikoak zein elektrikoak, aparkatzeko gune bat egongo da.
Hirigunetik urrun dagoen geltokiaren ondoko partzela bat hartuko duen disuasio-aparkalekuaren helburua inguruan dauden Usansolo eta Lemoa bezalako udalerrietako erabiltzaile gehiago trenbidera erakartzea da.
Pleguak bidaiarien eraikin bat eraikitzea jasotzen du. Eraikina solairu bakarrekoa izango da eta bi isurkiko teilatua eta 110 metro karratu baino gehiagoko azalera izango ditu. Higiezinak hiru barruti izango ditu, atari nagusi bat eta haren alde banatan 9 metro karratuko gela bat, bat geltokiko buruarentzat eta bestea terminalaren instalazioetarako. Azken horretan egongo dira behe-tentsioko koadroa, komunikazio-armairua eta teleagintearen beste zenbait ekipo. Atarian txartelak saltzeko eta balioztatzeko makinak egongo dira.
Nasen arteko trenbide-pasagunea kentzeko, berriz, oinezkoentzako igarobide bat egingo da, trenbidearen gainetik igaro eta hegoaldeko nasara sartzeko, Bilborako noranzkoan. Egituraren taula nasaren sestratik 5 metro inguruko kotan dago.
Igarobidea altzairuz proiektatuta dago hein handian. Igogailuetako dorreek metal ijeztuzko profilezko egitura dute. Igogailuetara sartzeko guneak dauden fatxadak kristalezkoak dira, eta beste biak opakoak. Iparraldeko nasako igogailura, Donostiarantz, atari barrutik sartzen da zuzenean.
Eskailerak hormigoizko bi zabalguneren gainean daude. Haietatik altzairuzko bi barra irteten dira. Egitura euslea profil tubular angeluzuzenez eta txapa grekatuz eginda dago. Xafla horren gainean gres akabera izango duen lauzazko zoladura bat jarriko da. Igarobide osoan zehar metalezko zutoinak, altuera bikoitzeko eskudelak eta argiztapena barrualdean integratuta dituen baranda jarriko da.