Euskotreneko tren eta tranbietan irisgarritasun unibertsalean urrats gehiago emateko neurriak aktibatu ditu Mugikortasun Jasangarriaren Sailak
Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak eta Euskotreneko zuzendari nagusi Javier Seoanek sozietate publikoak azken hilabeteetan egindako irisgarritasun-diagnostikoaren emaitza partekatu dute dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarteekin asteazken honetan. Prozesu hori kolektibo horiekin hitz eginez gauzatu da, eta horren emaitza neurri-sorta bat da. Neurri horien artean daude trenetan, tranbietan eta unitateen informazio-sistemetan egin beharreko hobekuntzak, garraio publikoaren irisgarritasun unibertsalerantz aurrera egiteko.
Euskotrenek Euskotrenen Irisgarritasuna Hobetzeko 2024-2030 Plan Estrategikoaren barruan sartu ditu jarduketa horiek. Plan horren helburu nagusia da pertsona guztiek aukera berdinak izatea garraio publiko egokituaz eta inklusiboaz gozatzeko. Aldaketa horiek abiapuntu dute Euskotrenek dibertsitate funtzionala duten pertsonen beharrak gertutik ezagutzeko garatu duen herritarren parte-hartze eta entzute aktiboko prozesua. Horretarako, zortzi elkarteren lankidetza estua lortu da (Fekoor, Eginaren Eginez, Elkartu, Fevas, Itxaropena, ONCE, Euskal Gorrak eta Zuzenak). Elkarte horiek beren diagnostikoa, eguneroko bizitzan dituzten zailtasunak eta litezkeen hobekuntza-arloak partekatu dituzte.
Lan horren ondorioz, Euskotrenek egungo egoeraren diagnostikoa prestatu du, eta gaur aurkeztu zaie elkarteei, baita dagoeneko abian dauden tren eta tranbietan inplementatzen hasiak diren neurrien multzoa ere, dibertsitate funtzionala duten pertsonei joan-etorriak errazteko. Gaur egun, trenbide-saretik 62 unitate eta Vitoria-Gasteizko eta Bilboko tranbia-saretik 26 igarotzen dira, eta horiek guztiek gutxienez irisgarritasun-hobekuntza bat izango dute. Etorkizunean eskuratzen diren unitate berriek, berriz, fabrikazio-prozesuan sartuko dituzte hobekuntzak.
1- Trenen eta tranbien espazio erreserbatuetan eserleku eraisgarriak kentzea: helburua da maniobrak erraztuko dituen espazio gardenagoa sortzea. Jarduketa hau dagoeneko amaitu da Gasteizko eta Bilboko tranbietan irailean zehar, sarean zirkulatzen duten 16 unitateetan. Tranbiaren kasuan, espazioak bereizteko manparak ere kenduko dira, eta sabaian esekitako barra edo eskudel horizontalekin ordezkatuko dira.
2- Egungo piktogramak tamaina handiagoko beste batzuekin ordezkatzea: unitateen barruan hobeto identifikatuko dira mugikortasun urria duten kolektiboek lehentasunez erabiltzeko eremuak (lehentasun-ordena barne). Unitateen kanpoaldeko piktogramak ere handitu egingo dira leiho eta ateetan, espazio irisgarriak hobeto identifikatzeko helburuarekin. Tranbien kasuan, eserleku erreserbatuak kolore desberdinekin tapizatuko dira, trenekin gertatzen den bezala.
3- Errotulazio berria zoruan mugikortasun urriko pertsona, umeentzako aulki, bizikleta eta abarrentzat.
4- Kolorea eta kontraste kromatikoa erabiliko dira piktogramak identifikatzeko (urdina dibertsitate funtzionalarekin lotuta dagoenerako), eta tapiz-kolore desberdin batez nabarmenduko dira tranbien eserlekuak eta eremu erreserbatuak (trenetan dagoeneko gertatzen den bezala), erraz errekonozitzeko moduan.
Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak honako hau jakinarazi die erakundeei: “irisgarritasun unibertsala lortzeak lehentasuna izan behar du Euskadiko garraio publikoarentzat; izan ere, hori gabe, ez dugu lortuko mugikortasun jasangarria izatea beste eskubide batzuk baldintza berdinetan egikaritzea ahalbidetuko duen eskubide bat; azken urteotan, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak urrats garrantzitsuak egin dituzte trenak eta tranbiak, baita geralekuak eta geltokiak ere, irisgarriak izan daitezen; izan ere, erreferente dira arlo horretan, eta aurrera egiten jarrai dezakegu bide horretatik are gehiago hobetzeko”.
Hobekuntza fisikoez gainera, txostenak Euskotrenen informazio-sistemetarako aurrerapenak identifikatu ditu, besteak beste, web-orria eta aplikazioa moldatzea, unitateen barruko megafoniaren bolumena egokitzea, Euskotreneko plantillari prestakuntza espezifikoak ematea eta salmenta-makina berriak instalatzea edo daudenak egokitzea dibertsitate funtzionala duten pertsonen beharretara.
Egunerokoan eragin handiena duten neurriak —hala nola mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako eremuetan eserleku eraisgarriak kentzea— une honetan ari gara aplikatzen. Beste proposamen batzuk —adibidez, salmenta-makinak egokitzea eta web-orria edo aplikazio mugikorra berregokitzea—, berriz, hurrengo urteetan arian-arian aztertzen eta ezartzen joango gara 2030era arte. Era berean, beste neurri batzuen bideragarritasuna aztertuko da. Neurri horien artean dago lurzoru podotaktila instalatzea, ikusmen urria duten pertsonak orientatzeko.