Euskotrenek 200 tren-gidari baino gehiago prestatuko ditu Europako segurtasun-sistema berria erabiltzeko
- European Rail Traffic Management System (ERTMS) pixkanaka inplementatuko da sare osoan.
- Mugikortasun Jasangarriaren sozietate publikoak bi simulagailu berri eskatu ditu gidariak prestatzeko.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Euskotreneko prestakuntza-guneetako bat bisitatu du ostiral honetan, sozietate publikoak Lebarion dituen tailerretan, tren-gidarien prestakuntza-prozesua nolakoa den ezagutzeko. Datozen hamabi hilabeteetan berrehun profesional baino gehiago egokituko dira tren-sarean instalatuko diren Europako segurtasun-sistema aurreratuenetara.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) trenbide-sarea zein Euskotreneko trenak pixkanaka trenen zirkulaziorako segurtasun-sistema berri batean integratuko dira: European Rail Traffic Management System (ERTMS). Europako Batzordeak bultzatu du sistema hori, Europar Batasun osoan erabiltzen diren sistemak estandarizatzeko eta, hala, interoperabilitatea errazteko. ERTMS sistemak pixkanaka gaur egungo teknologia, EUROLOOP, ordezkatuko du; ia 30 urte ditu sistema zaharrak eta, zaharkitzearen ondorioz, trantsizio hori egitea beharrezkoa da.
Biak dira ‘Automatic Train Protection (ATP)’ sistemak, eta trenbideetan gailuak jarrita dituzte, tarte bakoitzean doazen trenetara haririk gabeko informazioa eramateko. Horren helburua da trenaren gidatzea modu automatikoan gainbegiratzea, profesionalei bide-zati bakoitzean abiadura-tarte egokiak zeintzuk diren adierazteko eta trenari gehieneko mugak jartzeko, aipatutako parametroak gaindituz gero balaztari eragiteko aukerarekin, besteak beste.
ERTMS sistema eta EUROLOOP teknologikoki erabat ezberdinak dira. Sistema berriaren hobekuntzen artean, tren-gidariari sareko puntuaren profil osatuagoak ematen zaizkio, trenbide-seinaleen kokapenaren arabera (semaforoen antzekoak) eta puntu horretako nahiz hurrengoetako orratzen arabera abiadura-profil dinamikoak emanda. Aukera emango du, halaber, abiadura-tarte horiek bidearen baldintza aldakorretara azkar egokitzeko, hala nola obrak edo meteorologiak eragindako gorabeherak badaude (adibidez, luiziak edo adarrak katenariaren gainera erortzea); izan ere, gaur egun, aldaketa hori eskuz egiten da bideetan jarritako gailuetan, eta ERTMS sistemarekin zuzenean egingo da aginte-postutik.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu duenez, sistema berria “adimentsuagoa eta azkarragoa da”, eta bere teknologiak Euskotrenen lantaldeari lagunduko dio bere egunerokotasunean. “Euskotrenek prestakuntza handiko langileak ditu, baita etengabeko prestakuntza eta ezagutzen hobekuntza bermatzen duten taldeak ere, helburua baita kalitate handiko tren-zerbitzua, eraginkorra, segurua eta efizientea eskaintzea, egunerokoan ibilgailu pribatuaren benetako alternatiba izan dadin”, adierazi du sailburuak.
Tren-gidarien prestakuntza
Urrats garrantzitsu horri ekiteko, bi simulagailu berri izango ditu Euskotrenek, eta prestakuntza-zentroetan dagoeneko abian dauden beste bederatziei –Lebario (2), Lutxana (3), Araso (3) eta Vitoria-Gasteiz (1)– gehituko zaizkie. Une honetan, ERTMS sisteman trebatzeko bi simulagailuak (485.000 euroko inbertsioa izango dute) fabrikatzen ari dira, eta datorren urteko ekainetik aurrera erabili ahal izango dira. Fabrikatzen ari diren simulagailu berriak eramangarriak izango dira –gaur egungoak ez bezala– eta, beraz, Euskotrenen edozein prestakuntza-zentrotan erabili ahal izango dira ERTMS sisteman berariaz prestatzeko.
ERTMS sistemara aldatzeko 70 milioi euro baino gehiagoko inbertsio ekonomikoa egingo da datozen urteetan, Euskal Trenbide Sarearen azpiegituran zein Euskotrenen unitateetan beharrezkoa den teknologia instalatzeko.
Aldaketa horrek, baita ere, prestakuntza-ahalegin handi eskatzen du. Izan ere, 2026tik aurrera ERTMS sistema izango duen lehen zatian (Usurbil - Lasarte/Oria - Hendaia) trenak gidatuko dituzten Euskotreneko langile guztiek prestakuntza-ikastaro espezifikoak jaso beharko dituzte, lanean ari diren langileak edo langile berriak direlarik ere. Euskotrenek prestakuntza-programa espezifiko bat garatu du (Segurtasun-sistema berrien konpetentziak) jardunean dauden langileei zuzenduta. Aurtengo abenduan hasiko da programa hori, eta 2025ean zehar luzatuko da, 220 gidari baino gehiago prestatu arte.
Europako sistema berri honen prestakuntzaz gain, Donostiako Topoaren trenbide-pasante berriari zerbitzua ematen hasiko diren langileak prestatuko ditu Euskotrenek datozen hilabeteetan. Hain zuzen ere, ERTMS sistemara egokitutako trenekin eta azpiegiturarekin estreinatuko da pasante hori.
Lehenengo fase teorikoan, honako hauekin lotutako edukiak landuko dituzte: zirkulazio-araudia eta seinaleak, azpiegitura, Euskotrenen lineak, aginduak, zerbitzu-aginduak, grafikoak eta zerbitzu-txandak interpretatzea eta erabiltzea, eta trenen eta tranbien eskuliburuak. Bigarren fasean, simulagailuak ezinbesteko tresna izango dira ikasitako guztia praktikan jartzeko, ikasleen aurrerapena ikusteko eta hobetu beharreko akatsak eta ahulguneak identifikatzeko, azken helburua baita modu seguruan gidatzea.
Simulagailuetan, noizbehinka gertatzen diren egoerak erreplika daitezke. Ohiko zerbitzuan maiz agertzen ez badira ere, entrenamendu espezifikoa behar dute egoera horiek segurtasunez konpondu ahal izateko. Prestakuntza-gelek tren edo tranbia baten kabina simulatzen dute, baita gidariek zirkulatu bitartean etengabe komunikatuta egon behar duten aginte-postua ere (batez ere, trenbidean ezustean agertzen diren elementuen ondoriozko gorabeherak daudenean, matxurak azpiegituran edo material mugikorrean, etab.).