Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Lutxana eta Sondika arteko trenbidearen eraberritze lanak esleitu ditu 3,4 milioi euroren truke
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko Kontratazio Batzordeak Lutxanako eta Sondikako geltokien arteko trenbidea eraberritzeko lanak esleitu dizkio Tecsari, 3,4 milioi euroren truke, BEZ aparte. Enpresa esleipendunak 3 hilabeteko epea izango du lanak egiteko.
Proiektuaren xede den tartea Metro Bilbaoko 1. linearekin lotzen den Erandioko Lutxanako geltokiaren eta Metro Bilbaoko 3. linearekin lotzen den Sondikako geltokiaren artekoa da. Ibilbidearen 4,5 kilometro inguruan, goiburuan aipatutako terminalez gain, Zangroizeko geralekua ere badago, ibilbidearen erdian. Funtsean, balastoa (trabesak eusten dituzten harriak) eta trabesak aldatu eta trenbideak berrituko dira. Datorren urtearen hasieran hasiko diren lanek irauten duten bitartean, astelehenetik ostiralera bakarrik ematen den eta ordubetez behingo maiztasuna duen zerbitzua moztuta egongo da.
Lutxana eta Sondika arteko tartea itxita egon da hainbat urtez bidaiarientzat, eta Euskotrenen kotxetegietara sartzeko baino ez zen erabiltzen. 2017ko apirilean inauguratu zen Metro Bilbaoko 3. linea eraikitzeko obrek Txorierriko eta Zazpikaleetako geltokien arteko lotura aldi baterako etetea eskatu zuten. Horren ondorioz berreskuratu egin zen Lutxana eta Sondika arteko lotune zaharra.
Gaur egun, Txorierri Linea izenaz ezagutzen den Zazpikaleetako eta Lezamako geltokien arteko tartea Metro Bilbaoren sarean dago, Kukullaga-Etxebarri eta Matiko artean luzatzen den metroaren 3. linearen luzapen gisa. Sarearen konfigurazio berri horren ondorioz, hiri barruko mugikortasunerako zerbitzuen prestazioa eta kalitatea areagotu egin dira korridore horretan, 900 serieko tren berriak erosita zirkulazioen maiztasuna handitu eta material mugikorraren erosotasuna eta gaitasuna hobetu delako.