Euskotrenek berriro zirkulatuko du Zumaia eta Zarautz artean martxoaren 16tik aurrera

Entradilla

Euskotrenek berriro zirkulatuko du Zumaia eta Zarautz artean martxoaren 16tik aurrera

Body

- Meagako tunelean uztailean izandako luiziak zortzi hilabetez luzatu du kostaldeko bi herrien arteko zirkulazioaren mozketa

- Hasieran hilabete eta erdirako aurreikusi zen mozketa ezinbestekoa zen Zumaiako Urola ibaiaren gaineko bidezubia hobetzeko obrak egiteko eta Meaga eta San Migel tuneletan trenbidea berritzeko.
 

Datorren martxoaren 16an, Euskal Trenbide Sareak berriro irekiko du Zumaia eta Zarautz arteko tartea, uztailaren 19an Meagako tunelean izandako luiziaren ondorioz azken zortzi hilabeteetan itxita egon ondoren.

Hasieran hilabete eta erdirako aurreikusi zen mozketa ezinbestekoa zen Zumaiako Urola ibaiaren gaineko bidezubia hobetzeko obrak egiteko eta Meaga eta San Migel tuneletan trenbidea berritzeko.

Gertakariaren unean, Meagako tunelean hainbat lan ari ziren egiten estaldura indartzeko, baita trenbidea berritzeko eta trenbidearen plataforma jaisteko ere. Luizia tunelaren barruan gertatu zen eta ez zen kalte pertsonalik izan.

Luiziak ezegonkortasuna eragin zuen tuneleko harlangaitzezko estalduran. Lehen fasean, Zarautz aldetik bakarrik egin zitzaien aurre konponketa-lanei, tuneleko makinetarako sarbide hobea baitzuen.

Zundaketa gehigarriak eta euste-lanak egin ondoren, bigarren talde batek euste-lanak egin zituen Zumaia aldeko tunel-ahotik, eta, horri esker, epeak pixka bat murriztu ahal izan dira, dagoeneko amaituta dauden trenbideko eta instalazioetako lanak hasi aurretik.

 

Egindako obrak

Hasierako mozketa, Iñaki Arriola sailburuak zuzentzen duen Garraio Sailak, ia 6 milioi euroko inbertsio globalarekin, bultzatutako zenbait jarduketaren bitartez trenbide tartearen azpiegitura hobetzeko aurreikusita zegoen.

San Migel Zubia izenez ere ezagutzen den Urola ibaiaren gaineko Zumaiako Zubia egiturazko konponketa-lanen xede izan da. Hobekuntza-proiektuak barne hartu ditu, halaber, egungo trenbidea eta katenaria kendu eta gero, metalezko egituraren zorrotada eta margoketa, bibrazioen aurkako mantaren ezarpena, drainatze-sarearen eraikuntza eta trenbide-gainegitura, katenaria eta segurtasun- eta komunikazio-instalazioak muntatzeko lanak.

Aldi horretan, halaber, San Migel eta Meagako tuneletan trenbidea berritzeko eta trenbideko plataforma jaisteko lanak egin dira.

Laburbilduz, ia hiru kilometro eta erdiko tartea berritu da, dagozkion katenaria- eta komunikazio-instalazioak barne. Horietatik 2,5 km balasto gaineko trenbidekoak dira, eta gainerakoak plaka gainekoak.

Aldi horretan guztian, zerbitzua bermatuta egon da Zumaia eta Zarautz artean eskaini den ordezko autobus zerbitzuaren bidez. Hala ere, ETSk barkamena eskatzen die erabiltzaileei eragindako eragozpenengatik.