Euskotrenek bere autobusak Bilboko metroaren elektrizitatez kargatuko ditu, gauez
- Soluzio horrek metropoli-trenbidearen sare elektrikoa aprobetxatuko du haren erabilera txikieneko ordutegietan
- Proiektu horri esker, Euskotrenek ETSren Leioako (Bizkaia) tailerretan instalatuko duen karga elektrikoko azpiegitura adimendunaren elikadura bultzatuko da
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren barruan dagoen Euskotren sozietate publikoak, datozen hilabeteetan, autobusak kargatzeko sistema adimenduna instalatuko du Bizkaiko bere autobus elektrikoen flota kudeatzeko. Metro Bilbaorekin elkarlanean arituko da, metroaren sare elektrikoa aprobetxatuko baitu.
Medusa enpresaren soluzioa jada aplikatzen ari da Bilbobuseko autobus elektrikoen flotan. Soluzio horri esker, Euskotrenen autobus elektrikoek (hirikoak eta hiriartekoak), gutxi gorabehera sei hilabeteko epean, erabili ahal izango dute existitzen den eta potentzia handia duen azpiegitura elektriko bat, Metro Bilbaorena. Soluzio horren bidez, beste garraio publiko bat kargatzeko zerbitzu osagarria egingo da, batez ere bi zerbitzuek beren jarduera murrizten duten orduetan, gaueko ordutegian hain zuzen.
Horrela, konexio elektriko berrietarako inbertsioak minimizatzen dira eta hornitzaileak kontratatutako potentziaren erabilera optimizatu. Sistema horrek aukera emango du, beraz, Euskotrenen autobus elektrikoen flota kargatzeko Metro Bilbaok eskaintzen duen garraio-zerbitzuari eragin gabe. Autobusak kargatzeko azpiegitura adimendun hori Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren Leioako (Bizkaia) tailerretan instalatuko da.
Miguel Ángel Páez Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak, proiektu hau aurkeztu ondoren, azaldu duenez, “sormen handiko proiektua da hau, baliabide publikoak efizientziaz erabiltzeko helburuarekin”. Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari gerenteak, Eduardo García Medusako zuzendaria eta Energiaren Euskal Erakundearen eta Repsoleko ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian.

Trenen elikadura elektrikoa autobusen kargaren gainetik izango da beti, baldin eta ordutegi horretan metro-zerbitzua badago. Hartara, trenak igarotzen diren unean autobusen karga murriztuko da. Metro-zerbitzurik ez dagoen gaueko ordutegietan, intentsiboagoa izango da autobusen karga, sistema osoa optimizatuta. Hori posible izango da sistema etengabe monitorizatuko duen karga kudeatzeko sistema adimendunari esker.
Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Repsolek osatzen dute Medusa enpresa, eta enpresa horren helburua da ibilgailu elektrikoak kargatzeko soluzio adimendunak diseinatzea, elektromugikortasun jasangarrirako trantsizioa indartzera begira.
Gaur aurkeztutako proiektua datza, batetik, Leioako Metro Bilbaoko azpiestazio elektrikoaren eta udalerri berean ETSk dituen instalazioen arteko konexioan eta, bestetik, datozen urteetan Euskotrenen Bizkaiko autobus elektriko guztiak kargatzeko beharrezkoak diren aurreinstalazio elektrikoak gehitzean. Kokalekua hautatzeko garaian, kontuan izan da Metro Bilbaok Leioan dituen instalazioen eta Euskotrenen egungo autobus-kotxetegien arteko distantzia txikia. “Batzuetan etenaldi bat egin behar dugu eta perspektibarekin beharrak begiratu behar ditugu, gure beharrei erantzunak uzte baino hurbilago daudelako”, adierazi du Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak.
Proiektu honetan aurreikusitako inbertsioa 1.835.000 eurokoa izango da, konexio elektrikoetarako eta obra zibiletarako.
Euskotrenen Bizkaiko autobus-flota Bizkaibus errepide bidezko garraioaren foru-sisteman integratutako hiriarteko zerbitzuei atxikitzen zaie, zehazki, Eskuinaldean eta Leioako Campusaren eta Ezkerraldearen artean dagoen unibertsitate-zerbitzuari. Gainera, Euskotrenek trenbidea eta Larreinetako funikularra osatzeko autobus-zerbitzuak egiten ditu: Usansolo – Ospitalea; Zamudio – Parke Teknologikoa; eta Larreineta (Funikularra) – Zugaztieta.
Leioan, Euskotrenek 39 autobus ditu gaur egun, eta horietako lau elektrikoak dira. Azken horietako bik Bizkaibus foru-sisteman egiten dute zerbitzua, eta beste biek Euskotrenen tren+bus sisteman, Usansolo – Ospitalea eta Larreineta – Zugaztieta tarteetan. Sozietate publikoa bere flota eraldatzeko prozesuan sartuta dago, pixkanaka ibilgailu modernoagoek eta karga elektrikodunek ordeztuko baitute egungo flota, 2035erako Bizkaian elektrifikazio osoa lortzeko planaren barruan. Testuinguru horretan, duela gutxi erositako hiru autobus elektriko gehituko zaizkio laster Bizkaibusen zerbitzuari.
Gaur Leioan aurkeztu den lankidetza publiko-pribatuko proiektuan inplikatuta daude Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saila (ETS eta Euskotren), Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Saila eta Metro Bilbao.
Horren bidez, autobus elektrikoak kargatzeko soluzio adimenduna aplikatzen duen Bizkaibus foru sistemaren operadore aitzindari bihurtu da Euskotren.